Derechos humanos‘Bete-betean’, Tantaz tanta kontakizun laburren lehiaketako bigarren saria

‘Bete-betean’, Tantaz tanta kontakizun laburren lehiaketako bigarren saria

Juanma Gallegoren «Bete-betean» kontakizunak bigarren saria lortu du Medicusmundi Arabak eta Alboanek antolatutako kontakizun laburren lehiaketan, Gasteizko Udalaren Lankidetza Zerbitzuaren laguntzari esker, martxoaren 22an ospatzen dugun Uraren Munduko Egunaren harira. Jarraian, kontakizuna utziko dizuegu.


BETE-BETEAN

Harria ziztu bizian erori zen. Hori iruditu zitzaion Aixari. Yamina arrebari eskolan esana zioten grabitatea berdina dela objektu guztientzat, baina, halere, bederatzi urteko neskatoari putzura botatako harri hori izugarri azkar amildu zela iruditu zitzaion. Bota eta berehala entzun zuen uraren kontra talka egitean sortzen zen doinu atsegina. Eta hori baino mikrosegundo batzuk lehenago, uretan marraztutako diana. Izugarri gustatzen zitzaion ikustea nola harritxoak beti uhin zentrokideak sortzen zituen. Ituaren erdian bete-betean asmatzen zituelako sentsazio lasaigarria ematen zion ekintza xume bezain txotxolo horrek. Behingoagatik sikiera bazekien irabazle aterako zela.

Ez omen zuen horrelakorik egin behar. Izan ere, behin, hori egiten ari zela ikusi zuenean, amak eskatu zion putzura harririk ez botatzeko; horrela, putzua harriez beteko omen zituela. Berak baietz erantzun zion, baina ezin zion tentazioari eutsi eta, bakarrik zegoenean, noizean behin hori egiten jarraitzen zuen.

Ulertzen zuen amaren ardura. Kontatu zionagatik, urteak zeramatzaten edateko ura gertu izan gabe. Horren preziatu zen elementua lortzeko, lehenago ordu asko ibili behar ziren mendien magalean zegoen gertueneko iturburua iritsi arte, bertan pitxarrak bete eta bueltako bidea egiteko. Ia gehienetan herriko emakumeak joaten ziren. Arreba nagusiak hainbat aldiz bide hori egindakoa zuen, eta behin baino gehiagotan kontatu zion horrek eskatzen zuen ahalegin izugarria.

Aixari ez zitzaion egokitu inoiz bidea egitea. Sei urte inguru zituenean amari esan zion berak ere joan nahi zuela, baina amak ezetz erantzun zion. Txikiegia omen zen, eta bidea, aldiz, arriskutsuegia. Aixak pentsatu zuen Yamina arrebarentzat ere arriskutsua izango zela, baina bere baitarako gorde zuen pentsamendua.

Egun batean, etxeko helduak herriko beste hainbat auzokiderekin tea hartzen ari zirenean, neskatxoa konturatu zen helduak arras asaldatuta zeudela. Kuriositateak akuilatuta, Aixa alboko gelara joan zen, eta belarria adobezko hormara hurbildu zuen. Kosta zitzaion zer esaten ari ziren aditzea, egun horretan, besteetan ez bezala, helduak oso baxu hitz egiten ari zirelako, sekreturen bat gorde nahi izango bazuten bezala. Esaldi batzuk entzunda ere, Aixak ez zuen ulertu zehazki zertaz ari ziren, baina hainbat pasarteren inguruko ideia orokorren bat izan zuen. Besteak beste, armatutako jende gaiztoari buruz hitz egiten zuten. Eta Yamina ere aipatu zuten behin baino gehiagotan.

Aixak inoiz ez zuen jakin zehazki egun horietan zer gertatu zen, baina neskatxoa konturatu zen une horretatik aurrera Yamina ohi baino tristeago zebilela. Uneoro aurpegian irribarre bat izatetik mesfidati ibiltzera igaro zen. Halere, arreba txikiarekin beti bezain maitekor eta arduratsu azaltzen zen. Baina zerbait errotik aldatua zen bere barrenean, eta hortik aurrera Yamina ez zen inoiz berriro atera uraren bila.

Baina horiek aspaldiko kontuak iruditzen zitzaizkion orain neskatoari. Putzuaren paretaren gainean besoak jarrita zituen, kokospea horien gainean mantenduta. Uretan marraztutako uhinak baretu zirenean, bere aurpegia islatuta ikusi zuen. Gustatu zitzaion ispilu horretan azaldutakoa. Gauzak onerako norabidean ari ziren, eta horrek zoriontsu sentiarazten zuen. Aldarte hori, noski, bere aurpegian aise ikusten zen. Putzua eraiki zutenetik uraren bila egin beharreko ibilbide arriskutsu hori ez zen zertan egin eta, hori gutxi balitz, Yaminak pixkanaka betiko aldarte alaia berreskuratua zuen.

Putzuarena ia-ia zerbait magikoa zen Aixarentzat. Guztiz harrigarria egiten zitzaion pentsatzen zuenean urte luzez egarriaren mende egon ostean hain metro gutxira horrenbeste ura egon ahal zela. Amak esana zion zein zen ur magiko horren izena: akuiferoa. Horraino iristea erronka handia izan zela kontatu zioten, baina honezkero, ahalegina soberan gauzatuta zegoen.

Pentsamendu hauetan zegoela, izugarrizko ezustekoa hartu zuen putzuko uretan islatuta bere aurpegiaren alboan beste aurpegi bat zirudiena ikusi zuenean. Beldur ikaragarria sentitu zuen une horretan, eta ez zuen adorerik izan albora begiratzeko. Bere txikitasunean egin ahal izan zuen bakarra zenbegiak ixtea zen. Baina konturatu zen horrek ez zuela babestuko. Kontrara, zaurgarriagoa egingo zuen. Arnas sakona hartu eta begiak ireki zituen.

Ilargia zen! Ilargi eder eta dotorearen isla putzuan! Lasaitasuna berreskuratuta, irribarre bat marraztu zen neskatoaren aurpegian. Arratsa sartzen hasia zen honezkero, eta herrira bueltatzeko unea zen. Bi aldeetara botatako begirada batekin inguruan beste inor ez zegoela egiaztatu zuen. Lurretik beste harritxo bat hartu eta, eta putzura bota zuen. Beste behin, ituaren erdian asmatu zuen. Bete-betean.

s

Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipiscing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labo.


Warning: Trying to access array offset on value of type bool in /var/www/vhosts/dendamundi.com/httpdocs/wp-content/plugins/konsept-core/inc/shortcodes/image-gallery/image-gallery.php on line 165

Warning: Trying to access array offset on value of type bool in /var/www/vhosts/dendamundi.com/httpdocs/wp-content/plugins/konsept-core/inc/shortcodes/image-gallery/image-gallery.php on line 165

Warning: Trying to access array offset on value of type bool in /var/www/vhosts/dendamundi.com/httpdocs/wp-content/plugins/konsept-core/inc/shortcodes/image-gallery/image-gallery.php on line 165

Warning: Trying to access array offset on value of type bool in /var/www/vhosts/dendamundi.com/httpdocs/wp-content/plugins/konsept-core/inc/shortcodes/image-gallery/image-gallery.php on line 165

Warning: Trying to access array offset on value of type bool in /var/www/vhosts/dendamundi.com/httpdocs/wp-content/plugins/konsept-core/inc/shortcodes/image-gallery/image-gallery.php on line 165

No products in the cart.